Tag Archives: Hezkuntza hobetzen.

Euskal Hezkuntza Hobetzen:Etorkizunari begiratzen 2013ko maiatza.

3 May

Euskal Hezkuntza Hobetzen:Etorkizunari begiratzen

Erretiroa hartu duten  irakasle batzuk kezka handiz ari gara ikusten zer ari den gertatzen Estatuan eta bizi dugun giroa: lege berrirako proposamenak 60. hamarkadara garamatza, eta etengabeak dira esaten eta egiten denaren arteko inkoherentziak. Honen guztiaren aurrean, plataforma hau jarri dugu abian, gure herrian hezkuntzari buruzko eztabaida serio bat sortzeko asmoz.

Krisialdia une aproposa da gizarteak bere buruari galde diezaion zer espero duen hezkuntzatik, eta hori lortzeko eskola-eredu egoki batean aldeko apustua egin dezan.

 

Ekonomiatik haragokoa den gaur eguneko krisiak agerian jarri du agorturik daudela gaur arte ezagutu ditugun  gizarte- eta garapen- ereduak. Euskal gizarteak berriro irudikatu behar du bere burua, oinarri berrietan sustraiturik, bizi dugun  eszenatoki honetan. Eta eskolak ere beste horrenbeste egin behar du, gizarte berri hau eraiki beharko duten gizon-emakumeak hezte aldera. Ez gaude aldaketen garaian, garai-aldaketa baten aurrean baizik; eta ezin dugu inolaz ere interpretatu errealitatea paradigma zaharkituekin. Hala egiten badugu, prezio ekonomiko eta sozial handia ordainduko dugu. H. Gardener-ek argi adierazten du “Etorkizuneko bost gogoak” liburuan (“Las cinco mentes del futuro) ondoko hau dioenean: “Egungo heziketa formala iraganeko mundu baterako prestatzen ari da oraindik, etorkizuneko balizko munduetarako prestatu beharrean.”

 

Orain une egokia da hezkuntzan etorkizuneko proiektuen arteko lehen lerroan jartzeko. Euskal politika aurrera eramateko erantzukizuna dutenek  izango dute gizarte mailan eztabaida sortzeko ardura, Euskal Herriak nahi eta behar duen hezkuntza-eredua zehazteko; eta hau praktikara eramateko, gizartea mobilizatzeko lidergoa hartu beharko du bere gain.

 

Hezkuntza lideratzea beharrezkoa eta ezinbestekoa da, baita une eta garaia zailetan ere. Eta ez bakarrik etorkizuneko belaunaldiak lanerako prestatzen dituztelako. Horretaz gain, eta batez ere, norbanakoaren eta guztien etorkizuneko garapena eta ongizatea berma lezaketen proiektuak burutzeko beharrezkoa den giza-kapitala prestatzen duelako.

 

Ez da lehenengo aldia euskal gizarteak galdegiten duela bere proiektu kolektiboak aurrera eramateko hezkuntza-sistema. Beste horrenbeste egin zuen demokrazia ezartzeko, aurreragoko krisialdietatik ateratzeko, euskara berreskuratu eta normalizatzeko, baztertuak gizarteratzeko edo bakezko elkarbizitzan aurrera egiteko. Orain ere egingo du, baina argi jakin behar du zer nahi duen gizarteak eta zein den proiektu honetan bete behar duen betekizuna.

 

Euskal gizartearen etorkizuna teknologia- eta gizarte-berrikuntzaren eskutik etorriko da. Hezkuntza sistemari ematen zaio berrikuntzarako gizarte horretarako baliagarriak izan daitezkeen tresnak eskuratuko dituzten gizabanakoak hezteko ardura; eta tresna hauek arduraz eta autonomiarekin erabil ditzaten. Gaurko pedagogiaren arabera, tresna berberak behar dira ikasketarako zein berrikuntzarako: ezagutza, elkarlana, aldaketarako jarrera irekia, integrazioa ingurune globalean, kultur anitzekoa eta  eleanitzekoa.

Aldatzen ari da 21.menderako beharrezkoa den  heziketa ulertzeko modua, globalizazioak, aldaketa demografikoek eta iraultza teknologikoak  eragindako eraldaketa dela-eta. Gaur egun indarrean dauden eskola-sistemak zaharkituak ari dira geratzen. Ondorioz, ez da nahikoa ikastetxeek nork bere aldetik egin ditzaketen eraldatzeko  ahaleginak . Ezinbestekoa da sistemaren aldaketa globala eta orokorra

 

Euskal hezkuntza-sistemak lorpen handiak izan ditu, baina ez da bikaintasunera iritsi, nahiz eta maila hau eskuratzeko eta exijitzeko moduko helburua izan, Mckinsey txostenaren arabera. Horretara iristeko ez du zertan aldatu gaur eguneko egiturak; are gutxiago planteatzen diren aldaketak atzerakoiak baldin badira, LOMCEk proposatzen dituenak bezalakoak. Ez du baliabide gehiagorik behar; baina murrizketak egin behar badira, ez dute eraginik izan behar hobekuntza prozesuan. Euskal hezkuntza sistemaren gakoa, irakas-prozeduretan  datza; hau da, irakasteko praktikaren kultura-aldaketan.

Helburua litzateke ikasleengan bizkortzea eta areagotzea ezaguera konplexuagoa eta honetarako beharrezkoak diren gaitasunak, beren ikas-prozesuan inplikazio handiagoa izanez.

L. Darling-Hammond-ek dioenez  “munduko herrialde asko ari dira aldatzen beren heziketa-sistemak, … ikasleengan areagotzeko 21. menderako ezagutza-mota konplexuagoa eta beharrezkoak izango diren trebetasunak eta gaitasunak: informazioa eta baliabideak bilatu eta antolatu; arazoak mugatu eta zehaztu, beste batzuekin lan egin modu eraginkorrean, gizarte-mailako atakei aurre egin; zerbitzu eta produktu berriak sortu…” Hauxe da helburua. Horretarako, ezinbestekoa da ikasleak berak  kontuan  hartzea; izan ere, T. Sizer-ek ongi adierazten duenez. “ikaslea da  ikastetxeetako funtsezko langilea. Produktu garrantzitsu bakarra eurek ikas dezaten lortzea  da. Gainontzekoa, bigarren mailakoa da: bitartekoak…” Espero izatekoa da ikasleek gehiago ikasiko dutela, gutxiago irakasten zaien neurrian”  Erabakigarria izango da ikasleak beraien ikasketa-prozesuan inplikatzea. Irakasleen zeregin bakarra, ikasleei ikasten laguntzea izango da “.

 

Hezkuntza sistema eraldatzeko, ezinbestekoa da akordio orokorra, honen bidez zehaztu beharko dira aldaketa bideratuko diren lerro estrategikoak benetako hezkuntza- aldaketa bideratzen.

Fullanek  (2011) ohartarazten du gauzak okerreko bidetik eraman ditzaketen okerreko estrategien aurrean; eta ondoko baldintza hauek betetzen dituzten estrategia egokien alde egiten du:

–          Irakasleen eta ikasleen berezko motibazioa sustatzen dute.

–          Irakaskuntzako eta ikaskuntzako etengabeko hobekuntzarako akuilu dira irakasle zein ikasleentzat

–          Talde-lana eragiten dute, hala  ikastetxeetan nola administrazioetan.

–          Irakasle eta ikasle guztiei eragiten diete.

Gure ikuspuntutik, etorkizunari arrakastaz aurre egin nahi dion hezkuntza politika bat ondoren zehazten diren 7 ekintza-lerro-estrategikoetan oinarritu behar da:

1. Hezkuntzaren ekitatean eta eraginkortasunean sakondu,  ikasleen aniztasunari arreta inklusibo eta pertsonalizatua eskainiz. Inguruak berak garamatza eta behartzen gaitu jatorri, kultura, munduaren ikuskera eta gaitasun ezberdineko pertsonekin lan egitera. Heziketa berriaren ezaugarria izan behar da pertsona, ideia eta jakintza guztiak bere barruan hartzeko gaitasuna; eta ikasle bakoitza artatzea bere premiak, nahiak, asmoak eta interesak  aintzat hartuta. Horrela, denek izango dute arrakastarako aukera, bere jatorria (maila soziala, lurraldea, kultura) eta ikastokia gorabehera. Honetaz gain, ezinbestekoa izango da ideia berrien eta anitzen bila egoteko jarrera, darabiltzagun paradigmek balio ez dutenean esku artean ditugun arazoak konpontzeko.

 

2.  Gaur eguneko teknologiak duen potentzialtasunaz baliatu. Gazteek bere egin dituzte azkar teknologiak: gaur egun beren bizitzako osagai integral bat dira, etengabe ikertzen eta sintetizatzen baitute informazioa. Ikaskuntza informaletan garaturik dauden trebetasun hauek oso erabilgarriak izan daitezke ikasgeletan, ikaskuntza formaletan. Teknologiak sustatu eta erraztu egin dezake ikasleen inplikazioa, eskola-bizitzan integratuz gero, indartu eta sustatu egiten baitute eskola-barruan eta eskolatik kanpo ikasten dena

 

3. Ikasketa esperientzia multzoa, zeinak ezagutza erabiliko duena oinarrizko konpetentziak finkatzeko eta ikasteko gaitasuna garatzeko.

 

Ezagutzak bizitzarako balio du eta izaera aktiboa eta funtzionala dauka. Ezagutzeak sortzea suposatzen du, eta ezagutza hori arazoak konpondu eta erronka berrientzako erantzunak aurkitzeko erabiltzea suposatzen du.  Heziketaren helburua ezin daiteke izan dagoen ezagutza metatu eta errepikatzea; heziketaren helburua beste hau izan behar da: gizabanakoei beren ezagutzak eraikitzeko aukera ematea, beren jakintza propioetan zientziak eskaintzen dizkienak txertatuz, eta horrela  pentsatzeko duten gaitasuna garatzeko . Azken batean, belaunaldi berriak  hornitu behar dira zereginak eraginkortasunez egiten lagunduko dieten ezagutzez;  aldi berean,  ezagutza hori modu originalean eta sortzailean erabil dezaten testuinguru berrietan eta konbinazio ezberdinetan. Horretarako, ezinbestekoa da gaur eguneko kurrikuluaren  ikuspuntu akademiko hutsa aldatzea  eta eduki adierazgarriak baino ez sartzea. baldintza pedagogiko egokietan irakatsi eta ikasteko moduan.

 

4. Ikasleen eta irakasleen ohiko rolen aldaketa. Ikasteari buruzko ideia berriek aldaketak eskatzen dituzte orain arteko ohiko roletan. Honek suposatzen du, besteak beste, ikasleari betekizun aktiboa ematea, bere ikaskideekin eragin-trukean, bizitza errealarekin lotutako zeregin eta  proiektuekin, oinarrizko gaitasunak garatzen lagunduko dietenak, jakintza-adarren arteko lan baten bitartez. Irakasleen zeregina ez da izango ezagutzak transmititzea; baizik eta  ikasleen ikasketa-prozesua erraztea, zirikatzea, aholkatzea eta ebaluatzea, A. Heargreaves-ek ongi dioenez,  “aldaketarako estrategiarik baliagarrienak eskoletan ematen dira, irakasleen eta ikasleen arteko harreman afektiboak ematen direnean eta horien gainean eraikitzen denean ikaskuntza”

 

5. Ebaluazioa indartzea irakaskuntza berbideratzeko eta ikaskuntza hobetzeko. Ebaluazioa oso garrantzitsua da. Hori dela eta, ebaluazio-moldeak baldintzatu egiten gazteen ikasteko modua.  Hiritar arduratsuak eta   parte hartzaileak izatea nahi badugu,  euren buruan uste osoa dutenak, gizon eta emakume sortzaileak, eta euren bizitza osoan zehar ikasten jarraitu nahi izango dutenak; orduan  seguru egon behar dugu bizi izan dituztela jarrera eta ohitura hauek pizten dituzten esperientziak, eta menperatu egiten dituztela bizi izango duten munduan antzeko testuinguru batean behar diren trebetasunak. Ebaluazio molderik onena ebaluazio formatiboa da, etengabea. Irakaslerik onenek ikasketa prozesuaz hausnartzen eta berau hobetzen laguntzen dute. Kanpo ebaluazioek informazio interesgarria eskaintzen dute hezkuntza politikak eta hobekuntza planak definitzeko. Baina ikasle jakin batengan izan ditzakeen ondorio akademikoak mugatzen dira aukeraketa bat egitera edo ikasleek eskola-bide ezberdinetan banatzera, irizpide ustez homogeneo eta objektiboekin. Hau guztia oso goiz egiten denean, ondorioak iraunkorrak

dira eta, horregatik, bidegabeak.

 

6. Ikaskuntza iraunkorraren kultura irakasle eta eskola zuzendarientzat. Orain arte aipatutako printzipio eta irizpide guztiok ontzat hartzen baditugu, onartu beharra dugu irakasleek, zuzendariek,  hezkuntza-politikako aitzindariek eta ikasleen ikasketa-prozesuko arduradunek jarrera, konpetentzia eta gaitasun berriak behar dituztela etorkizuneko ikaskuntza prozesuan ondo lan egiteko lagunduko dietenak. Gure hezkuntza sistema diseinatu behar da helduen ikaskuntzaren gainean metatutako ezagutza gehituta eta erantsita; izan ere, inplikazio zuzenak ditu garapen profesionalean esperientzia multzo honek. Eskola zuzendarien zeregin nagusia, pedagogia-lidergoarekin lotua egongo da, eskolaren oinarrizko “negozioa” ikaskuntzak sortzea baita. Irakasleek asko jakin behar dute  pedagogiaz; baina, honekin batera, ezagutu behar dituzte  ikasteko iturri eta modu  ugariak; era horretara erakutsiko dizkiete beren ikasleei ezagutzeko dituzten aukera guztiak.

 

7.  Elkarlanerako harreman berriak komunitatearekin.. Ikastetxeek harreman positiboak izan behar dituzte inguruan duten munduarekin. Ikaskuntza premia anitzek lotura estua izan behar dute hurbileko komunitaterekin zein komunitate globalarekin; gainera, ikasleengan sortarazi behar dute komunitate horiek hobetzeko gizalegezko interesa. Baina, komunitatearen laguntza izan ezean, heziketak eta  hezkuntza sistemek ez dute izango 21.mendeko ikaskuntza bere gain hartzeko  eraldatzeko adinako indarra. Heziketa guztion ondarea da; beraz, guztion interesekoa izan behar du. Hezkuntza-sistemek duten mandatuak darama gaitasun kolektibo bat sortzera, zuzentasunez bizi eta gizabanakoen egungo eta etorkizuneko premiak eta beharrak asetze aldera. Komunitatearen parte hartze handiagoak, legitimitatea ez ezik,  aberastasuna ere eskaintzen die ikaskuntza-esperientziei.

Etorkizunari irekita dagoen euskal hezkuntza sistema egikaritzeko, berau ahalbidetuko duten bitartekoak behar dira. McKinsey txostenak eta OCDEk hiru bitarteko nagusi aipatzen dituzte:

–          Ebaluazioak eskaintzen dituen  datuak erabili, hezkuntza hobetzeko.

–          Irakasleak aintzatetsi gizarte-mailan, eurak hautatzeko prozesua aldatu eta euren hasierako prestakuntza eta jarraitua indartu.

–          Ikastetxeen autonomia maila handitu, beren proiektu eta lorpenen arabera.

Gizarte osoa, alderdi politikoak eta Eusko Jaurlaritzako hurrengo arduradunak gonbidatu nahi ditugu, bere gain har dezaten zer nolako garrantzia duen euskal herriaren etorkizuneko proiektuetarako egokia izan behar duen heziketak. Eta, aldi berean, hezkuntza-komunitateari dei egin nahi diogu hezkuntza hau definitzen eta egikaritzen lagun dezala, bere esperientzietatik eta xedeetatik abiatuta.

 

Kalitatezko Euskal hezkuntza baten aldeko Senior Plataforma”

https://plataformaeduvascalidad.wordpress.com/

Nélida Zaitegi

Rafael Mendia

Luis Otano

Alejandro Campo

 

Aipuak:

DARLING-HAMMOND, L. et alt. (2008): “Powerful Learning: What We Know About Teaching for Understanding”. Jossey-Bass, New York.
INNOBASQUE (2010): “Hacia una Sociedad Vasca basada en valores innovadores”
FULLAN, M. (2011): Choosing the wrong drivers for school reform. CSE. Paper nº 24
GARDNER, H. (2006): Las 5 mentes del futuro. Paidós, Barcelona.
HARGREAVES, A, (2003): “Replantear el cambio educativo”. Amorrortu Editores. Buenos Aires

MOURSHED, M., CHIJIOKE, C., BARBER, M. (2012): Cómo continúan mejorando los sistemas de mayor progreso educativo en el mundo. McKinsey & Company. http://www.preal.org/Archivos/Preal%20Publicaciones%5CPREAL%20Documentos/PREALDOC61V.pdf
OCDE (2012). The nature of learning. Practitioner Guide. http://www.oecd.org/edu/ceri/50300814.pdf
SIZER, T. (2004): Horace’s Compromise. Houghton Mifflin Co. Boston.

 

 

Anuncios